Euritearen eraginez, ekitaldia egiten ari ginen aretoa urez bete eta erakusketa aretoan egin behar izan genuen mahai-ingurua

Azaroaren  4an Andoaingo Txirrindulari Eskolak antolatutako hitzaldi/mahai ingurura 130 pertsona hurbildu ziren, gehienak Gipuzkoa txirrindulari zaleak. Ekitaldia hizlarien aurkezpenekin hasi ondoren, bakoitzak gaiaren inguruko bere ikuspuntua zein iritzia eman zituzten. Felix Ugalderen azalpena (prestatzaile, hautatzailea…) hasi eta gutxira, kalean ari zuen euri-jasaren ondorioz, aretora ura sartzen hasi eta ekitaldia eten egin behar izan zen. Irtenbidea behar zen, horrenbeste kostatako antolaketak ezin zuen bertan behera gelditu eta erakusketa aretoan egin ahal izan zen, ikusleak zutik eta lurrean eserita egon behar izan bazuten ere. Horrez gain, hizlariek laguntza teknologikorik gabe hitzaldia eman behar izan zuten.
Hala eta guztiz ere, oztopoak oztopo eta baldintza egokienak ez izan arren, bertaratutakoek hitzaldiaz gozatu ahal izan zuten.
Lehenik eta behin, Felix Ugaldek txirrindulari eskolen garrantzia eta kirol ezberdinen artean dauden ezberdintasunak azaldu zituen, batez ere maila profesionalari dagokionez.
Ondoren, Ane Santesteban aritu zen. Italiako Ale-Cipollini taldean lehiatzen den txirrindulari profesionalak bere ibilbideaz hitz egin zuen, emakumeek profesional mailara iristeko dituzten zailtasunak aipatuz. Era berean, ikasketak ez direla utzi behar azpimarratu zuen, antolaketa egoki batekin eguneko 24 orduek denetarako astia ematen baitute.
Ume bat besterik ez zela hasi zuen Mikel Iturriak bere ibilbidea bi gurpilen gainean Andoaingo txirrindulari eskolaren eskutik; oraingo egoerara iristeko izan duen ibilbideaz aritu zen, Euskadi Basque Country – Murias talde Contintental-profesionalean arituko baita datorren denboraldian.
Oskar Ortiz de Guinea kazetariak, txirrindulari gazteek duten ikasketa maila aztertu zuen, azken urteetan egindako ikerketetan oinarrituz, Gipuzkoan beraien ikasketekin jarraitzen duten txirrindularien kopurua handituz doala agerian utziz.
Azkenik, Jon Odriozola aritu zen Euskadi Basque Country – Murias taldearen proiektua azalduz eta euskal txirrindularitzarako duen garrantzia aldarrikatuz.
Azken momentuko gorabeherak medio, Carlos Veronak ezin izan zuen bertaratu eta horregatik, bere esperientzia bideo baten bitartez elkarbanatu zen. Eguraldiak eragindako arazoak zirela eta, ikusleek ezin izan zuten bere bizipenez gozatu, baina hurrengo egunetan eskuragarri izango da www.andoaingo.eus webgunean.
Azken zatian, mahai inguruan, bertaratutakoek beraien galdera eta zalantzak hizlariei helarazi zizkieten. Amaitzeko, entzuleak ez ziren esku hutsik geratu; adituek ekarritako sariak zozketatu baitziren eta era berean, txalo zaparrada batez gain, hizlariek eskolaren ikurra eta lore sorta bat jaso zuten.

Lotura honetan eguneko argazkiak

 

Prentsak esandakoa:

Ciclo21

VAVE

DV Andoaingo kronika