Aitor Amutxastegi
Lehenik eta behin Andoaingo txirrindulari eskolako kide eta 25. urteurrena prestatzen aritu naizenetako bat izanik, eskerrak eman beharrean nago eskolaren izenean, prestatu ditugun ekitaldi guztietan parte hartu duten guztiei.
Urte guztian, modu batera edo bestera, gehiago edo gutxiago, eskolan pertsona asko dago lan asko egiten duena. Ospakizun hauek prestatzeko ere talde eragile bat osatu genuen eta horiek ere lan dezente egin behar izan dute, baina pozik, azken finean ikusten dugu egindako lanak eragina izan duela eta jendeak parte hartu duela prestatu ditugun ekintza guztietan, espero dut horrela guztiak hobeto ezagutuko duela eskolak egiten duen lana.
Nire ustez, txirrindulari eskolak egiten duten lana ez da oso ezaguna. Aiurri aldizkarian emaitzak astero argitaratzen dituzte, baina ez da erreza herri batean sozializatzea talde batek egiten duen lana, taldekideak herrian lasterketarik egiten ez dituztenean. Martxo aldera eta Santakrutzetan gazteenak aritzen dira herrian, jubenilak Gipuzkoako itzuliko Andoaingo etapan, baina beste lasterketa guztiak herritik kanpo.
Ba jakin ezazue, alebin eta infantilak 15 lasterketa egiten dituztela denboraldian, kadeteak 23 eta jubenilak 42, martxo hasieratik irailaren bukaerara. Eta lasterketa guzti horietara, txirrindulariekin entrenatzaileak ere joaten dira, zorionez 20 inguru ditugu.
Jakin ezazue ere, lasterketa askotan oso postu onak lortu dituztela gure txirrindulariak batzuk ere irabazi dituzte eta horien artean, alebinetako Gipuzkoako txapelketako 3. postua, infantiletan Gipuzkoako txapelduna izan dugu eta lehen urteko kadeteetan Euskadiko txapelduna.
Orain hamar edo hamabost urte baino eskola eta txirrindulari gutxiago dabiltza honetan, zorionez gure eskola oso gorabehera gutxirekin mantendu egiten da eta noski kide guztien lana oso inportantea izanik, guzti hau aurrera ateratzeko, 25. urteurreneko afarian esan zen bezala, talde hau bildurik mantentzen duen artzaina Jose Luis Barberana izan da. Mila eske Joxe.