Aitzol Zuriarrain entrenatzaileari, AIURRIk egingako elkarrizketa

 

Denboraldi berria abiatu dute eta Aitzol Zuriarrain Andoaingo eskolako entrenatzaileetako bat da. Hogeita hamar txirrindularirekin hasi dute denboraldia.

Urteak daramatza Andoaingo gazteei txirrindularitza lezioak ematen. Bi urte bereziren ostean, normaltasunez lehiatu eta entrenatu ahal izango dute

Urriaren 28an hasi zineten entrenamenduekin…

Txirrindulari eskolan bi atal nagusi ditugu: batetik, benjaminek, alebinek eta infantilek Arrate frontoiaren azpian eta kiroldegian entrenatzen dute; bestetik, kadeteek eta jubenilek, Allurralden egiten dituzte entrenamenduak, atletismoko pistaren inguruan. Aurredenboraldiari ekin diogula esango genuke. 

Noiz irtengo zarete errepidera?

Denboraldia bi zatitan banatzen dugu. Batetik, txapelketa hasi bitarteko etapa izango genuke. Neguko lana edo aurredenboraldia deitzen diogu; aste horietan fisikoa eta bizikletaz kanpoko lanketa egiten dugu. Urte berriarekin batera txirrinduaren gainean entrenatzen hasten gara. 

Benjaminetatik infantiletara txirrindularitzako teknikak lantzen ditugu, batik bat. Eguraldi kaskarrarekin eta eguna luzatu bitartean frontoian entrenatzen dute. Martxoaldean errepidera irteten gara. Zaharragoekin, berriz, neguan aurredenboraldia lantzen dugu, gimnasioan, batez ere, eta astebukaeretan mendi irteerak bizikleta saioekin tartekatzen ditugu, urtea amaitu arte. Urte berriarekin batera, bizikleta gainean soilik ibiltzen gara. 

Noiz hasten da denboraldia?

Jada ziklokroseko denboraldiarekin hasi dira gazte batzuk eta otsailera arte luza daiteke. Errepideko txirrindularitza denboraldia martxoko lehen egunetan hasten da, gutxi gora behera; mailaren arabera, denboraldia gehiago edo gutxiago luzatzen da. 

Txirrindulari askok eman al dute izena eskolan?

Taldea handituko zaigula dirudi. Mementoz, alebinetan 11 neska-mutil ditugu, infantiletan 3 mutil, kadeteetan 10 neska-mutil eta jubeniletan 6 neska-mutil. Beraz, talde polita osatu dugu, oraingoz. Hala ere, denboraldia hasten dugunean ikusiko dugu ea gazte gehiagok emango duten izena. 

Txirrindularitzarekiko zaletasuna handitu dela dirudi, agian, pandemiak bultzatuta?

Hala dirudi. Txirrindularitza probatu ohi dutenak gustora ibiltzen direnez, jarraipena ematen diote. Askatasuna ematen dizu eta, are gehiago, pandemia garaian. Kirolari askoren askatasun tresna izan da bizikleta. Egia da ere, askok errepideari beldurra diotela, sarritan, albistegietan ikusten diren ezbeharrak medio. Istripuak jazotzen dira, bai, baina urte askoz bizikleta gainean ibili garenok ez dugu horrenbesteko arriskua ikusten. 

Txirrindularitza eskolan ziklokrosa ere lantzen duzue?

Taldean, batez ere, errepideko txirrindularitza lantzen dugu, baina ziklokrosa praktikatzeko ateak irekita edukitzen ditugu. Hala ere, nabarmendu behar dut, oro har ez ditugula ziklokros entrenamenduak egiten. Horrez gain, federazioaren laguntzarekin pista modalitatean ere aritzen gara. 

Txirrindularitzan hasi nahi duenak izena eman al dezake oraindik?

Jakina. Orain aurredenboraldiko entrenamenduekin hasiko gara. Hasieran aipatu bezala, fisikoa landuko dugu, gehienbat. Ondoren, 2022a hastearekin batera bizikletan ibiltzeari ekingo diogu.

Ziklokrosa

ZIKLOKROSA Argazki gehiago   Ziklokros denboraldia amaitzeko, Espainiako txapelketa besterik ez da gelditzen eta bertan

Irakurri »