Asier Etxezarreta
Badira 25 urte, mende laurdena, Andoaingo Txirrindulari Eskola sortu zela. 25 urte bizitza ororen moduan, bilakaera bat jarraituz. 25 urte makina bat gazterekin elkarlanean. Ni neu ere gazte horien tartean sartu beharrekoa naiz ba, eskolaren parte izandako horietako bat eta aipaturiko bilakaera hori bizitutako bat.
Edozer gauza lehenengo aldian egiten den guzietan bezala, arduradunek, taldea aurrera ateratzea erabaki zutenek izango zituzten beraien eragozpenak baina txirrindulariek ez genituen nozitu. Orain, atzera begira jarrita arduradun hauek ere beraien bilakaera izan dutela esango nuke, esperientziak erakutsita aurrera pauso asko eman dituztela, bai urte guztiko entrenamenduak prestatzerakoan eta baita momentu jakin batean lasterketa bat prestatzerakoan. Gogoan dut lehen urte haietan Ordiziako lasterketara joan eta beroketa ariketak egiten hasi ginenean, txirrindulari gazteak nazkatu ginen ariketa haietaz eta hor joan ginen inguruko parkera txirristan gora eta behera ibiltzera… pentsatuko duzuenez lasterketa negargarria egin genuen. Ez da horrelakorik gertatzen orain, esan bezala gauzak hobe prestatzen baitira.
Bilakaerarik izan ez duen puntu bat bada urte hauetan guztietan errepikatu dena, taldekideen arteko laguntasuna, txirrindu gaineko uneetatik haratago luzatu dena zenbait urtetan batera ibili diren taldekideen artean. Taldeko arduradunek benetako lagun giroa sortzea lortzen dute urtea joan, urtea etorri, eta gero giro hau islatu egiten da bai errepidean, ikusi besterik ez dago azken urte hauetan taldekako erlojupekotan lorturiko emaitza bikainak non txirrindulari bakar bat baino askoz garrantzitsuagoa den taldekideek besteentzat lana gogoz egitea, eta baita ere errepidetik kanpo, non denboraldiaz kanpoko parrandatarako ere zenbait koadrila bertan sortu diren.
Urtemuga hau dela eta, zorionak, mila esker eta beste horrenbeste osa ditzazuela.