Lankidetza hitzarmena sinatu dute Urnietako Udalak eta Andoaingo Txirrindularitza Eskolak

Urnietako Udalak lankidetza hitzarmena sinatu du Andoaingo Txirrindularitza Eskolarekin, Urnietan txirrindularitza sustatzeko helburuarekin. Akordioaren arabera, herrian txirrindularitzarekin lotuta egingo diren zenbait jarduera zehazten dira.

Hori horrela, eskola arduratuko da asteburu honetarako programatuta dagoen eskolarteko txirrindularitza proba antolatzeaz, iraila amaieran junior eta afizionatuen kategorietarako kriteriuna antolatzeaz, eta urtean zehar kirolari eta osasunari buruzko hitzaldi bat antolatzeaz, Donostia Klasikoaren pasoa kudeatzeaz gain.

Urnietako Udalak 2.500 euroko diru-laguntza emango dio Andoaingo Txirrindularitza Eskolari, joan den ostegunean Jorge Segurado alkateak eta Jose Luis Barberenak (Andoaingo Txirrindularitza Eskolako zuzendaria) sinatu zuten akordioan zehaztutako jarduerak garatzeko. Hitzarmen hau sinatzen den unetik 2024ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, eta luzatu ahal izango da, bi aldeek idatziz hala adosten badute.